Pentsatu ahal izanen litzatekeenaren kontra, udazkenak ez dio deus inbidiatzeko udari hitzorduei dagokienez. Izan ere urtea ixten duten hilabeteak Baztanen aukera anitzez beterikoak izaten dira. Hasteko, Elizondon ezinbertzeko hitzordua dago: Pirinioetako behi-azienda lehiaketa ikusgarria, hainbat eta hainbat lagun biltzen dituena, eta azken urteotan sektoreko erreferentzi saihestezin bilakatu dena.

Ondotik, gure zeruak orain bueltako bidean zeharkatzen dituzten milaka eta milaka hegaztiri segika Hegaztien Jardunaldiak izaten dira urriaren hasmentan, Hegaztien Nazioarte Egunaren inguruan. Herrietako bestek ere jarraitzen dute urrian: Anizko bestak, Iruritako Dantzari Eguna, Elizondoko Txokoto auzoko bestak eta Gartzaingo bestak (Pilarikaren inguruan). Hilabetea akitzeko, Elizondoko Udazkeneko Feria zahar, ezagun eta jendetsua izaten da.

Data mugikorrez, baina beti urriaren amaieran edota azaroaren hasieran, Kirikoketa ospatzen da. Egun honetan Jo ala Jo Elkarteak, Arizkungo Gamioxarrea dolare zaharrean, eraikin horren eta sagar kulturaren berreskurapena ezagutarazten diote publiko zabalari, interes handiko besta egun batean. Azkenik, San Martin (azaroak 11a) inguruan Gartzainek bere bestak ospatzen ditu, Iruritan hasitako herrietako besta sasoi luzea amaituz.
Bitartean, egunak aitzin joan ahala, basoak arropaz aldatzen doaz, kolore kaleidoskopio liluragarria eskainiz… Berdea, gorria, horixka, marroia… Margolari inpresionista baten pintzeletik sorturiko artelan erraldoi bihurtzen da Baztan. Basoetatik murgiltzeko gonbidapen erakargarria eskaintzen du sasoi honek

Udazkena negua prestatzeko garaia izaten da; eta horrela, han-hemenka ikusten dira baserritarrak iratzea mozten metak egiteko, edota etorriko diren egun hotzetan sutondoak berotzeko egurra prestatzen… Basoen fruituak ere jasotzen dira, etxeko goxotasunean jateko onddo eta gaztain gozoak, errate baterako. Denbora moteltzen joaten da, natura pausatzen joaten da. Negua laster helduko da.