Balleko Etxea Elizondon dago, udalerriaren egoitza administratiboa. Elizondon daude, halaber, dendarik gehienak. Herriko auzoak dira Antzanborda, Beartzun, Berro, Kinto eta Etxaide.

Elizondon inguruko zerbitzu eta denda gehienak daude. Ohar praktiko hori alde batera utzita, gure bisitaldia Elizondoko alde zaharreko karriketan barrena hasiko dugu, Jaime Urrutia eta Braulio Iriarte karriketan barrena. Ibilbide horretan antzinako xarma duten dendak topatuko ditugu. Halaber, bertako produktuak erosteko aukera izanen dugu.

Etxeak eta jauregi hauek topatuko ditugu:

Paularena (Santiago karrika, 13). Hemeretzigarren mendeko arkitekturaren eredu garbia.

   Baztan Balleko Etxea (Jaime Urrutia karrika, 12). Hemeretzigarren mendeko arkitekturaren eredu garbia, eta harlanduzko aitzinalde ederra duen eraikina.

Baztango Udala

 

Baztango Udalak hamalau herri hartzen zituen eta, 1969az geroztik, hamabortz (Amaiur Baztanen sartu zenetik). Jurisdikzio bakarra osatzen du jabetza komunean, kontzeju bat eta Udal bakarra. Balleko Batzar Nagusia da erakunde gorena, politikari nahiz administrazioari dagokienez. Urtetan eta urtetan sortu diren ordenantza komun propioak ditu.

Batzar Nagusiak nahiz Batzar Bereziak eta herri bakoitzaren batzarreak hainbat tokitan egin izan dira mendez mende. XVII. mendearen akaberatik aitzina erabaki zen Elizondoko Batzar Nagusietan honako hauek egon behar zutela: alkateak, idazkariak, herri bakoitzeko alkateak eta 34 diputatuek, eta honako egun hauetan eginen zirela: Eguberrietako Pazkoen hirugarren egunean, Berpizkundearen egunean, Mendekoste-egunean eta San Migel egunean.

XVIII. mendearen hasieran oraindik, Anizkoak eta Azpilkuetakoak plaza publikoan biltzen ziren; Iruritakoak, Kokolarrañetan; Erratzukoak, eskoletan, eta Elbetekoak eta bertze lekuetakoak, parrokia-elizen kanposantuetan.
Leku horietan biltzeko ohitura (toki horietako batzuk mendeetan erabiliak) galdu zen, Herriko Etxeak agertu zirelarik. 1643an, dagoeneko, kontzeju-etxe batean ageri zaigu batzarrea; Migel Ursuakoa nobleari boterea ematekoa, hain zuzen. Ez dago Batzarre horren gaineko datu aunitzik, ezta hurrengoen gainekorik ere. Anitzetann, Jarola jauregian bildu ziren, Elbeten, han leku handia zelakoz.

1695aren akaberan, eraikin berria egitea erabaki zuten eta Urdazubiko San Salbatore Monasterioari lur-sail bat erosi zioten. Dolare-etxea 380 zilarrezko dukaten truke saldu zuten.
Etxea eraikitzeko, zenbait baldintza bete behar izan zituzten zehatz-mehatz. Elbeteko Jarola jauregia (alkatearen etxea) izanen zen erakina egiteko segitu beharreko eredua: harria lantzeko, solairuak banatzeko zerrendak egiteko, akaberako molduradun erlaitzak egiteko, izkinetan kanpo aldera ageri diren harriak paratzeko eta, bereziki, erdialdeko balkoia eraikitzeko.

Arizkunenea (Jaime Urrutia karrika, 14)

1730ean eraikia, barroko itxurakoa. Garai hartako jauregitxo frantsesen antzeko itxura du.

    Arotzarena jauregia (Jaime Urrutia karrika, 17). Leinu-etxea. XVII. mendeko eraikin barroko noblea.

    Istekonea (Jaime Urrutia karrikako 46. zenbakiaren parean). Garrantzi arkitektoniko handiko etxea da, eta aitzinaldean, nabarmen, armarria du.

Apezenea (Jaime Urrutia karrika, 51)

Aitzinaldean XVIII. mendearen bigarren erdialdeko armarria du.

Puriosenea (Braulio Iriarte karrika, 36)

XV. mende-bukaerako edo XVI.aren hasierako eraikina, gotikoaren amaierako elementuak dituena.

Elizondok xarmaz beteriko txoko aunitz ditu, eta guztiak ere herri honen berezitasunaren lekuko dira. Inoiz izan garen lekurik ederrenetakoan gaudela sentiaraziko diguten ikuspegi ezberdinak antzemanen ditugu:

•    Arizkuneneko gibeleko aldea. Bertatik Baztan ibaiaren paisaiarik ederrenetako bat ikusteko aukera izanen dugu. Leku ezin hobea da Jaime Urrutia karrikaren gibelaldeari, ibaian islaturik, argazkiak egiteko.

•    Elizondoko Abesbatzaren Plaza (Balleko Etxean eta Arizkunenea artean). Gauza nagusia iturria da, eta bertan Xabier Santxotenaren eskultura bat dago.

•    Jaime Urrutia karrikako arkuak. Arkupe politak, Javier Ciga margolariak “Elizondoko azoka”  izeneko koadroan betikotuak.

•    Jaime Urrutia karrikako azken tartea. Bertatik Braulio Iriarte karrikako eraikin dotoreak ikusiko ditugu.

Antxitoneko zubitik herriko txokorik xarmangarrienetako bati argazkia egin diezaiokegu, eta bertan Antxitonea trinketa (berriki zaharberritua). Ingurune berezi batean, pilota-txapelketak ikusteko kirol-instalazio ederra da.

Merkatuaren plazaren ondoan, plaza luzea dago. Horretan, gaur egun oraindik ere bizirik dirauen euskal pilotaren modalitate zaharrenaz gozatu ahal izanen dugu: Laxoa. Malerrekan eta Baztanen bakarrik jokatzen da joko horretan.

Herriko Bestak uztailaren 25ean ospatzen dira eta bi azienda-feria garrantzitsu egiten dira: bat udaberrian; bertzea, urrian. Ferietan, bertako aziendak ikusteko aukera izaten dugu, bertzeak bertze: herriko behi gorriak eta pottokak (zaldi txikiak). Azienda-feriarekin batera saltzaile ibiltari aunitzek beren postuak Elizondoko karriketan paratzen dituzte.

Etxaideko errota

 

Etxaideko errota XIX. mendean eraikia da eta 2003. urtean zaharberritu zuten; Elizondoko plazatik kilometro batera dago, eta oraindik ere lanean ari da.

Ur-errota horretan modu tradizionalean ehotzen da artoa. Lortzen den irina erabiliz, opil mehe-meheak egiten dira: taloak. Garai batean ogiaren pareko funtsezko elikagaia zen, baina gaur egun soilik feria, besta eta egun berezietan dastatzen da. Nolanahi ere, hala nahi izanez gero, Elizondoko eraikin liluragarri horretara egindako bisita gidatuaren ondoren ere taloak dastatzeko parada izanen duzu.

Nola iritsi - mapa

Iruñetik 50 km-ra dago. Elizondora heltzeko, N-121-B errepidea hartu behar da.

Argazki galeria