Baztan arras ezaguna da artisten artean eta margolari, eskultore eta argazkilari ugari ditugu haranean. Aspalditik kanpoko artista anitz ere Baztango paisaia ederrak beraien artelanetan islatzera hurbildu izan dira.
Artearen ibilbidea ekainetik irail arte burutzen da Baztango herri, denda, karrika eta kulturguneetan. Ekimen honek artista batzuen lanak ezagutzera eman eta, oro har, artea karriketara atera eta gozaraztea du helburu. Egun, artearen erakusleiho interesgarri bihurtu da eta Baztango nahiz kanpoko jende ugari hurbiltzen da erakusketak ikustera.

Uda hilabeteetan burutzen dira erakusketak eta arte diziplina ezberdinak batzen dituzte.

Azken urteotan, Bertan elkartearekin elkarlanean, artelanak denda eta saltokietako erakusleihoetan ere ikus daitezke, Baztango karrikak ere artez betez.

Urtero ateratzen den eskuorri eta mapa ttiki baten laguntzaz, parte-hartzaile guztien erakusketen informazioa, datak, artistak eta lekuak ikusi ahal izanen dituzu Baztanen barna Artearen Ibilbideaz gozatzeko.