Ekainak 23ko iluntzean Baztango herri guztietan pizten diren San Juan suek udaren hasmenta markatzen dute. Arizkungoak ezagunenak izaki, herriko bestei ere hasiera ematen diete. Segidan, Erratzuk hartuko du lekukoa San Pedro bestak ospatuz. Uztailak Baztanen ere baditu bere Sanferminak, Azpilkuetako herrian. Iruñeko Gaixo Niren ondoko igandean, berriz, euskarak batzen dituen Baztango 15 herrietako anaidetasun besta handia da: Baztandarren Biltzarra. Egun horretan, herri bakoitzak pazientziaz eta asmakizunez landutako orga eramaten du Elizondon desfilatzerat. Lehengo bizimoduak eta gaur egungo kezkak edota aldarrikapenak dira irudikatutako gai nagusiak. Ondoren herri bazkari erraldoia eta ondotik musika eta dantza izaten dira Merkatuko Plazan. Bestari atsedenik eman ez, eta jarraian, Elizondoko bestak izaten dira, Santiago Egunaren inguruan.

Abuztuan ere besta egutegi betea dago: hilabete hasieran, Bertan merkatari elkarteak bere salgaiak Elizondoko karriketarat ateratzen ditu bertze aktibitateak eskaintzen dituen jardunaldi osoan eta Zigako San Lorenzo bestak izaten dira. Hilak 15ean, Ama Birjinaren Egunean, bestak izaten dira Oronoz, Arraioz eta Amaiurren. Azken honetan, bereziak izaten dira ardi latxa eta gasna lehiaketa, Burgete arrazako behor erakusketa eta Nafarroan oso garrantzitsua den artzai-txakur lehiaketa egiten baitira egunean zehar. Hilabetea ixteko bestei dagokienez, Lekarozko San Bartolome bestak izaten dira.
Irailean berriz, ez dago etenik: Arraiozko bestak hilabete hasieran eta ondotik Elbetekoak (Gurutze Zaindua). Uda ixteko eta udazkenari pasoa emateko, Elizondon ezinbertzeko hitzordua dago: Pirinioetako behi-azienda lehiaketa ikusgarria, hainbat eta hainbat lagun biltzen dituena.

Aisialdiaz bestetan gozatzeko posibilitateak ugariak badira, ez dira gutxiago bertzelako aukerak. Beroa gogor egiten denean, erreketara hurbiltzeko aukera dago, Xorroxin ur-jauzia edo Infernuko Errotara doazen ibilbide errazak eginez. Beartzunen kokaturiko abentura parkean ere aktibitate freskagarri eta ausart anitz egin ahal dira edota zaldiz ibiltzera atera ahal da. Eta han-hemenka, herri guztietan, lixutegiak, errotak eta bertzelako ondare etnografikoen bila abiatu ahal da.

Mendi ibilbide aukera asko ematen ditu Baztanek, baina agian berezietako bat, duen historia guztiarengatik, Baztango Done Jakue Bidea da. Urdazubiko mugan sartzen da bailaran, eta iparretik hegoalderantz paisaia ederretatik zeharkatzen du, Iruñerako norabidean. Amaiurko Gaztelua, Elizondoko Txokotoko Presa, Iruritako plaza edota Belateko galtzada dira bide horretan ezinbertzeko bisitak. Eta bidetik aitzin eginez, laster udazkenean sartuko gara, bertze hainbat esperientzia eskainiko dizkigun sasoi oparoan.