LAXOA

Errebote ere erraten zaio, euskal pilota modalitaterik antzinakoena da Laxoa. XVIII. eta XIX. mendeko kroniketan, jada, agertzen dira modalitate horri buruzko erreferentziak, eta “kirol errege” gisa jotzen zuten Baztanen, Nafarroako Erresuma Zaharraren garaian. Egun, Nafarroan soilik jokatzen da, eta, zehatzago erranda; Baztanen eta Malerrekan.

Modalitate hau ahanzten joan zen pixkana-pixkana, harik eta, 1960tik 1964ra bitartean, Baztango eta Malerrekako herrien artean, txapelketak antolatu zituzten arte. Handik gutxira, berriro, ahanzturan erori zen, harik eta, 1979an eta 1980an, behin betiko berreskuratu zen arte. Izan ere, Baztan-Errekako Laxoa Txapelketa antolatu zen urte horietan, eta, egun ere, jokatzen da oraindik.

Gauza jakina da antzinako artzainek Laxoa partidak jokatzen zituztela edozein soropiletan (belarra ebaki ondoreneko lursail laua). Egun, ordea, 50-70 metro luze eta 12-20 metro zabal den zelai angeluzuzen batean jokatzen dute. Zelaiaren aldeetako bat mugatua dago, eta “errebote” izeneko pareta dago bertan. Zelaia bi erdi edo eremutan banatzen da arrasto baten bidez, eta eremu horietako bakoitzean talde bat kokatzen da. Zelaiaren hegalak ere mugatuak daude “eskas” izeneko arrasto batzuen bitartez.

Jokoari sakearekin ematen zaio hasiera, eta sakea zelaiaren mutur batetik egiten da, botaharria erabiliz. Botaharria zurezko, harrizko edo zementuzko lauki moduko bat da. Talde bakoitzak lau jokalari ditu: Sakatzailea, Numeroa eta bi Laurden. Jokalariek eskularru bat dute eta horrekin jotzen dute pilota (larruzkoa). Lehen biek eskularru meharragoak eta luzeagoak dituzte, eta, bi Laurdenek, berriz, eskularru laburragoak eta zabalagoak. Jokoaren bertze elementu garrantzitsu bat “txatxari” izenekoa da, berak kantatzen baititu kintze, joko eta arrastoak.

BESTE PILOTA MODALITATEAK

Laxoa Baztango pilota modalitaterik bereizgarriena bada ere, paxaka, esku-pilota, erremontea,… pilotaren modalitate ezberdin ugari jokatzen dira Baztanen.

HERRIKIROLAK

Herri Kirolak baserriko lanari lotutako kirolak dira. Baserriaren bizimodua eta lana dira herri kirolaren oinarriak. Herri kirolaren barruan kokatzen diren joko ia guztiak izugarrizko esfortzua eta iraupena eskatzen dute, baserriko lan hauek, denborarekin indar erakustaldi eta kirol bihurtu dira.

Euskal Herriko landa-bizimoduan dute oinarri kirol diziplina ezberdin hauek eta oso ohikoak izaten dira gure herrietako besta, plaza eta azoketan. Baztanen ere herri-kirol probak burutzen dira, kanpotik etorritako kirolariak nahiz baztandarrak ikusi ditzakegu urtean zehar ekimen edo txapelketa ezberdinetan.

Baztango herri kirol talde nagusienak Amaiurko Sokatira Taldea eta Basaburuko Herri Kirol Taldea dira (azken hauek nafarroako kirol jokoetan hartzen dute parte batez ere haur-taldeekin).

Sokatira taldeak lau edo zortzi pertsonez osatutak egoten dira. Gehienezko pisu orokor bat jartzen da eta gomazko lurraren gainean pisu berdineko beste talde baten kontra aritzen dira bakoitza sokaren mutur banatan. Gizonezko eta emakumezkoen txapelketez gain, mistoak ere antolatzen dira.

Amaiurko Sokatira Taldea oso maila altuetan ibili da azken urteetan, besteak beste, Eskozian jokatutako Sokatirako Munduko Txapelketan ere izan ziren 2012an.

Herri kirolen informazio gehiago, txapelketa eta jaialdien egutegirako begiratu (Nafarroako Herri Kirol Federazioa): www.herrikirolaknafarroa.org

Baztan Turismo