Negua mantso heltzen da. Egun laburrak ekartzen dituen arren, pausatzeko uneak eskaintzen ditu, sutondoan, mahaiaren bueltan, familia eta lagun artean. Euskal Herriko bertze txoko batzuetan bezala, Baztanen ere Olentzerok hasiera ematen dio sasoi honi, herriz herri itzulixka eginez: ongi portatu den haurrak bere oparitxoa izanen du, gaizki portatu denak, berriz, ikatza, eta hurrengoan zintzoagoa izateko aukera. Horretarako, egun batzuk beranduago Errege Magoak helduko dira, Elizondoko karriketan barna ibiliaz, neguko opor garaiari amaiera jarriz.
Banabar plater aberats, talo edota txokolate bero-beroaz gozatzeko egunak dira. Baita sagardoaren denboraldiaren hasierari emateko ere,ohiko txuletoi eta makailu tortila jaten, kupel ondoan basoa betez.

Baztango paisaia etengabe eraldatzera jolasten duen lainoak eta xiri-miriak sortzen duen giro misteriotsuaz bustitzeko sasoia da. Giro honek Baztan literatura beltzaren agertoki gogoko bilakatu du. Horren lekuko, (h)Ilbeltza euskarazko nobela beltzaren astea, bere eskaintza aberatsarengatik gero eta oihartzun handiagoa izaten ari dena. Horra hor ere, Baztango Trilogiak kontaturiko istorioak. Izan ere, ilbeltza da bertako euskaraz urtarrila izendatzeko modu ezin aproposagoa.

Baina neguak ere bestak ekartzen ditu; tradizio zaharrak, garai berrietara egokiturik bizirik mantentzen direnak. Elizondon, urtarrilak 17an San Anton Eguna ospatzen da, baztanzopak, bertsolariak eta tradiziozko zozketa protagonistak direlarik. Geroxeago Gizakundea dugu Erratzun: etxeetan esketan ibiltzen da eta mozorroak, hartza, hartzazaina, sagardantzariak, joaldunak, musikariak elkartzen dira, bukaeran Jantzilo erretzeko.

Otsailaren 4ean, Santa Agedaren bezperan, Agate Deunaren koplak kantatzen dira makilekin lurra joz herri ezberdinetan. Ondoren, hilabete amaieran, haurrei dedikaturiko Orakunde/ Ttunttun edo Oilardantza Eguna izaten da Baztango herri guztietan, bazkaria eta usadiozko jokoak direlarik, txistu doinuaz. Natura bere loalditik ernatzeko ahaleginek segituko dute gero ihauterien etorrerarekin. Tradizionalenak Arizkungoak, Erratzukoak eta Elizondokoak dira.

Bitartean, eta udaberria iristen ez den bitartean, naturaren geldialdiaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du neguak. Baso isiletatik ibiltzea, gure arbasoek duela hainbat mende utzitako aztarna megalitikoak deskubritzea, mendi gainetan bildu den elurretan jolastea, haize freskoa bezain osasuntsua aurpegian sentitzea… bizitzaren ziklo berri baten prestaketaz lekukoa izateko aukera dugu.