Apirilaren erdialde-amaiera alderat, Udaberriko Feria egiten da Elizondoko Merkatuko Plazan. Desagertzeko bidean zen azienda feria hau azkenaldian indarberritu da eta urtez urte gero eta hitzordu interesgarriagoa eskaintzen du, Baztango artisauak eta nekazari elikagaien merkatua lagun.

Eguraldi ona iristearekin bat, azienda Belate, Erdiz eta Lizartzuko mendiko bazkalekuetarat igotzen dute abeltzainek, modu horretan, Baztango ohitura zaharrari eutsiz. Historian zehar, gaur egun bezala, gure bailaren herri-lurrak gako izan dira bertako ekonomiarako. Eguraldi onarekin ere Pirinioetako txoko honetako zerua migrazioan doazen milaka hegazti ezberdinez betetzen dira, betidanik urtero urtero gure mendi hauek hautatu dituztenak beren bidaiarako: aukera paregabea hegazti behaketan aritzeko.

Aritzakungo eta Urritzateko bailara izkutuak eta Itxusiko Harrien Natur Erreserba ikusgarria deskubritzeko garai aproposa da udaberria. Horraino bakarrik baztandarrak irits daitezke kotxez, beraz oinez arakatzeko beharrekoak dira. Bertze altxor preziatu bezain ezezaguna zohikaztegiak dira: Baztanen dago penintsula osoko zohikaztegi kopuru handiena, gure inguruaren historiaren gordailua direnak eta sasoi honetan bizitzaz betetzen direnak.

Maiatzean Baztango lehen herriko bestak dira, Iruritakoak hain zuzen, Salbatore Egunaren inguruan. Azarora arte luzatuko den 15 herrietako besta denboraldia hasten da horrela. Segidan, Berroeta eta Aritzakungo bestak izaten dira, Mendekoste Egunean, eta ondoren Corpus Christi egunak Almandozko ospakizunak ekartzen ditu. Udaberria ixteko eta udari ongi-etorria emateko San Juan suak daude herri guztietan ekainak 23an; ezagunenak Arizkungoak dira ezkil hotsek giroturik Txuputo kaletik behiti egiten den suen gaineko lasterkaldi alaiarengatik.