Urriko feriak

Elizondoko feriak, San Lukas jaiaren (urriaren 18an) ondoko ortziralean eta larunbatean izaten dira.

Ortzirala izaten da egun nagusia, abereek Merkatu Plaza hartzen baitute. Hala ere, gero eta abere gutxiago biltzen dira, eta horien lekuan, nekazaritzako lanabesak eta makinak, eskulanak, osagarriak eta garaiko eta herrialdeko gastronomia produktuak saltzen dituzten saltokiak ugaritzen dira. Herriko karrika nagusiak saltokiz gainezka izaten dira eta giro ederra egoten da.

Larunbatari “atsoferie” erraten diote; emakumeen azoka, alegia. Lehenago, ortziraletan produktuak ikusi eta konparatzen omen zituzten, eta ondoren, larunbatean joaten ziren erostera. Egunotan, eskupilota partidak eta herri-kirol erakustaldiak izaten dira.

Udaberriko feria

Elizondon egiten da hau ere, udaberri hasieran, bazko ondoko ostiralean izaten da beti.

Bertan inguruko artzainak elkartzen dira abereekin Merkatu Plazan eta ahari lehiaketa ere egoten da. Bestalde, artisau, talogile eta inguruko produktuen saltokiak ere egoten dira herriko plazan. Goizaldean bustiak banatzen dira bertara hurbiltzen diren guztiak Baztango plater goxo hau dastatzeko aukera emanez.

Behi-azienda Pirenaikoaren Lehiaketa-Enkante Nazionala

Elizondon egiten da Irailaren hirugarren asteburuan (ostirala, larunbata eta igandean).

Arraza pirenaikoko behiak Baztango mendi paisaietako eta elikaduraren oinarrietako bat dira, baita ekonomia baliabideetako bat ere. Topaketa interesgarri bihurtu den lehiketa-enkante honek artzain, abeltzain eta inguruko sektore guztien bultzatzaile izan nahi du, behiak kontsumoan eta gastronomian eragina izaten jarraitzeko apostu bezala sortu baitzen. Baztan eta Euskal Herri guztiko jende ugari biltzen ditu urtez urte ekimen honek eta abeltzaintza munduan gero eta garrantzi handiagoa du lehiaketak, Elizondoko Merkatu Plaza, behiez eta bisitariz betetzen du urtero. Asteburu horretan, azienda lehiaketaz gain, pintxo salda eta bustien lehiaketa eta ibilbidea ere egiten da.

Bertan eguna

Bertan-Baztan merkatari, zerbitzu eta ostalaritza elkarteak, hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar, horietan nagusiena udan egiten den Bertan Eguna izaten da. Abuztuaren lehen larunbatean burutzen da Elizondoko Jaime Urrutia kalean eta herriko plazan batez ere.

Bertan-Baztan elkarteko kide diren dendak kalera ateratzen dira eta egun osoan zehar udako beherapenak, stock-eko artikuluak eta denboraldi berriko produktuak eskaintzen dizkiote bisitariari. Egunean zehar bertze hainbat ekintza egoten dira eguna alaitzeko; musikariak, inguruko dantzariak, artisauak, talogileak, argazki erakusketa, pintxo-potea,…

Informazio gehiago www.bertanbaztan.eus webgunean.

Baztan Turismo