Amaiur 1665ean banandu zen Baztandik, eta 1969an, berriz ere bat egin zuen Baztanekin; hau da, hiru mendera.

 Herriaren sarreran arkua dago, herriaren ataria; herrigunearen muga adierazten du. Arkua baino lehen, XVII. mende-bukaerako gurutzarria dago.
Amaiur ohiko karrika-herri horietako bat da, kilometro erdiko luzeran hedatua. Etxeen aitzinaldeak ez daude lerrokatuta, eta ez dira denak berdinak; hartara, karrikaren monotonia hausten da, eta ikuspegi ezin hobeak ematen ditu. Amaiurko etxeak arkitekturaz anitzak eta aberatsak dira; izan ere, ibarreko kategoria tipologiko gehienak ageri baitira bertan.

Aipatzekoa dira Arretxea jauregia (XVI. mendekoa), Borda jauregia (1728an oinetxe kategoria lortu zuena) eta Arriada etxea (bertan batzarrak egiten ziren, XVI. mendean).

Armarrian ezkila eta xake irudia ageri dira, ibarrekoan ez bezala; Baztangoan xake irudia baizik ez baita ageri. Erraten dute ezkilak Nafarroako Erregeak Lapurdiko mugan zuen zaintzailea adierazten duela. Erraten dute, halaber, Gazteluan zeuden soldaduei herriko aferen eta gorabeheren berri ematen zien ezkilaren oroigarria dela armarriko hori.

 Herriko eliza, Jasokundearena, Erdi Arokoa da, XVI. eta XVIII. mendeetan hainbat aldiz berreraikia. Elizak “Cavaille-Col” organo erromantiko ederra du.

 Herriko bestak abuztuaren 15ean dira, Jasokundearen Ama Birjinaren omenez.

Amaiurko gaztelua

Nafarroakoa Erresumaren historian ere, erreferentzia da Baztan, batez ere Gaztelak. Amaiurko Gaztelua Nafarroako Erresumako azken gotorlekuetako bat izan zen, Gaztelako Erresumak egindako konkistan eroritako azken defentsetako bat. Normalean jotzen dugu Nafarroak 1512an galdu zuela independentzia, Noaingo gudua galdu eta gero, baina badakigu Nafarroako koroaren jarraitzaile leial batzuek, buru egin nahian, Amaiurko Gazteluan bilatu zutela aterpea, Frantziako mugatik arras hurbil.

Zaldun haiek arras gogor eutsi zioten, eta, gutiago izanda ere, hainbat bataila eta sarraski jasateko gauza izan ziren. 1522 arte iraun zuten, urte hartan Gaztelako armadak menderatu baitzituen; gaztelarrak, izan ere, aunitzez gehiago ziren eta hobeki prestatuta zeuden.

Antzinako Erresuma menderatu eta gero, Cisneros kardinalak, hau da, Errege-erregina Katolikoen konfiantza-gizonak, agindu zuen Nafarroak Gaztelari egindako erresistentzia gogora ekartzen zuten gotorleku edo defentsa-bastioi guztiak suntsitzeko edo desegiteko. Hala, Amaiurko Gaztelua suntsitu egin zuten, Nafarroako bertze hainbat gaztelu bezala; zortzi edo bederatzi gazteluk bakarrik iraun zuten.

Bitxikeria gisa erraten omen da gaztelu haren harriak herriko eliza eraikitzeko erabili zirela, eta gazteluko atea Arraiozen dagoela, Jauregizar jauregiko atea egiteko berrerabilita.

Gaur egun Amaiurrera joaten bagara, XX. mendearen hasieran eraikitako monolitoa ikusiko dugu gaztelu hura zegoen lekuan, Amaiurko Gaztelua defendatzen hil zirenen omenean eta oroitzapenean egindakoa. Aranzadi Elkarteak egindako arkeologia-lanei esker (Baztango Udalak eta Amaiur herriak bulkatuta), gazteluko dorrea inguratzen zuten harresien zati bat agertu da, eta ez da baztertzen etorkizunean gaztelu hura berreskuratzeko lan handiagoak egin ahal izatea.

Indusketak eta herria ezagutzeko bisita gidatuak badaude.

Amaiurko errota

 

Artxibo iturrien arabera, 1280. Urtean, Amaiurko errotak diru saria ordaintzen zion Nafarroako Erresumari. Horregatik, Amaiurren aspaldi errota zegoela erran dezakegu. Errota hau, XVIII. mendeko erdialdekoa dela uste dugu, nahiz eta eraikinean 1897 data duen harri tailatua egon.

Amaiurko errotak iraganeko jarduera gogorarazten dio bisitariari. Herriko etxe dotore baten beheko solairuan dago. Hala nahi izanez gero, taldeek errota eta bere funtzionamendua ezagutzeko parada dute, bisita gidatuei esker. Horrez gainera, hango talo gozoak dastatzen ahal dituzte. Partikularrek errota bisitatu nahi izanez gero, taloak dastatzeko ezarri den ordutegian egiten behar dute. Errotan, gainera, saltzen da han bertan egiten den irina, artoarena zein gariarena.

Bisita gidatu batean errota ezagutzeko: 619 955 709.

Nola iritsi - mapa

Iruñetik 58 km-ra dago. Herrira heltzeko, N-121-B errepidea hartu behar da, eta Otsondo mendatea igotzen hasita, eskuinera dagoen bideak herrira eramanen gaitu.

Argazki galeria