Baztango hizkuntza euskara da, historikoki euskara baztandarren ohiko mintzaira izan da eta egun ere hala da bizilagunen gehienendako. Baztan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko, UEMAko, kidea da. UEMAn Euskal Herri osoko udalerri euskaldunak, herritarren % 70 bederen euskaldunak dituztenak, biltzen dira euskara gizartearen arlo guztietan eta administrazioaren zeregin eta zerbitzuetan bermatzeko.

Egun baztandarren % 80 inguru mintzatzen da ongi euskaraz eta euskaraz zertxobait dakitenak bertze % 10 gehiago dira. Halere, Baztango herrien artean alde soziolinguistiko handiak daude. Erraterako, herrixka batzuetan (Berroetan, Anizen, Lekarozen, Azpilkuetan o Amaiurren) euskaldunen ehunekoa % 90etik hurbil da. Aitzitik, Elizondon, Elbeten eta Oronozen euskaraz ez dakiten herritarrak batez bertzekoa baino gehiago dira. Egoera soziolinguistiko desberdinen arrazoiak herrien bilakabideen alderdi historiko, ekonomiko, sozial nahiz geografikoetan arakatu behar dira.

XX. mendearen hasmentan Elizondo eta Iruñea lotzen zituen errepide berriaren eragin erdaratzaileak hasi ziren nabarmentzen. Izan ere, errepideak zeharkatzen zituen herrietan (Oronozen, Iruritan y Elizondon) hasi zen erdara indar handiagoaz gizarte bizitzaren esparruak bereganatzen. Merkatariek eta kanpotarrek zekarten gaztelania gutxika-gutxika Baztango herrietako plazetan nagusitu zen eta mugazain edo karabineroen kuartelek eta eskolek erdararen ezartzailetzat jokatu zuten anarteraino euskaraz jarduten zuten baztandarren artean.

Euskera hiztegi txikia

Jaitsi hiztegia

1935ean Elizondon Euskal Eskola sortu zen, Iruñekoarekin eta Lizarrakoarekin batera Nafarroan izan ziren lehen ikastolak, Errepublikaren garaikoak. Gerra Zibila hastearekin euskal eskolak hetsi eta guztiz debekatu zituzten. Euskararen gizarte baztertzea areagotu zen bai eta gordindu ere Gerra akitu eta ondoko urteetan batik bat. Kultura zapalketa eta erdara hutsezko derrigorrezko eskolatzeak euskararen gizarte egoera ahuldu zuten eta Baztango herririk handienetan (Elizondon eta Iruritan) hainbat haurrek ezin izan zuten gurasoen mintzaira ikasi.

1970ean berriz sortu zen Baztango Ikastola Elizondon eta hamarraldi horren bukaeran helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastaroak hasi ziren eskaintzen. Euskal Herri osoan nabaria zen euskararen aldeko diskurtso berria eta gizarte mugimendua antzematen zitzaizkion Baztani ere. 1980ko hamarkadaren bigarren erdian euskarari hizkuntza ofizialaren estatusa aitortu zitzaion eta haraneko eskola publikoetan euskarazko irakaskuntza orokortu zen.

Egun Baztango ikastetxeek, Udaleko administrazioak nahiz tokiko hedabideek euskaraz jarduten dute. Euskara Baztango gizartearen eta kulturaren adierazpide bizia da.

Baztango hizkuntza nagusia euskara da, bai eta baztandarrok daukagun ondare handiena ere.

Jatorria oraindik ezezaguna baldin bada ere, Europako hizkuntzetarik zaharrenetarikoa da, indoeuroparren aitzinekoa. Gaur egun, euskararen hizkuntzalaritza historikoan aditu direnen artean, hipotesi onartuena da euskara milaka urtez hitz egin dela Pirinioen inguruan.

Azken mendean desagertzeko arriskuan egon arren, gaur egun bizi-bizian dago, kantuaren, antzerkiaren edo literaturaren bitartez, eta kultur adierazpen berritzaileek egunero aberasten dute.

Nolaz ez aipa bertsolaritzaren arte paregabea, eta horrek jendeengan dakarren tirria, belaunaldi guziek gozatzen dutelarik nasaiki.

Bertsolaria euskaraz bertsoak inprobisatzen dituen pertsona da. Aldi berean dira abeslari eta bat-bateko olerkari. Bakarkako lanak egiten badituzte ere, askotan bikoteka ere aritzen dira, bertsoak txandaka abesten direlarik. Bertsolariek jai askotan parte hartzen dute.