Bi auzo ditu Erratzuk: Gorostapolo eta Iñarbil.

Herriko etxeak eta jauregiak nabarmenak dira: Etxebeltzea jauregia, Apeztegia, Iñarbilgo Etxenikea jauregia, Gaston Iriartekoen sortetxea (XVIII. mendean berreraikitako jauregia da, garai batean aduana izandakoa. Iruritan dagoenaren estilo berekoa da. Bi dorre ditu).

Eliza XVIII. mendekoa da, San Pedroren ohoretan eraikia. 1913. urteko euri-erauntsiak herria suntsitu, eta eliza bitan zatitu ondoren, berreraiki eta berriro ere hornitu behar izan zuten. Herri-arkitekturako klaustro txikia du. Kanpandorre barrokoak forma oktogonala du, baita absideak ere. Bi eraikin horiek jatorrizkoen berdinak dira; nonbait, tenplarioen artean oinarrituta.

Ezin aipatu gabe utzi Xorroxingo ur-jauzia, soinuz beteriko paisaia zoragarria baita. Bertan Baztan ibaia sortzen da; hau da, Baztan utzirik Bidasoa izena hartzen duena. Gorostapolo auzotik barrena helduko gara bertara. Natura bere osotasunean ikusteko aukera aparta izanen dugu. Ur-jauzi honi loturik, lamiei buruzko elezahar ugari daude.

Iñarbilen Infernuko Zubia topatuko dugu. Kondairak erraten duenez, deabruak bere burua bota zuen zubitik beheiti, jabetu zelarik inoiz ez zela gai izanen euskara ulertzeko.

Erratzun mendiaren ikuspegi zoragarriaz gozatuko dugu; hartarako, Izpegiko lepora igan behar dugu, bihurgunez beteriko tokiko errepidean gora.

Herriko Bestak ekainaren 29an ospatzen dira, herriko zaindari San Pedroren omenez.

Xorroxin Ur-jauzia



Erratzu herrian, Gorostapolo auzotik heltzen bagara, herrigunetik kilometro eta erdira, eta bide harritsu batetik (Andre Mari doloretakoaren baseliza ondotik jaisten den bidea), berrogei minutuan ibili eta gero, lau metro garai den ur-jauzia aurkituko dugu. Ur-jauziak Xorroxin izena du eta pago, haritz eta urritzez jantziriko oihan batez inguratua dago.

Erraten dutenez, Xorroxingo ur-jauzia elezahar askoren sorburu da. Bertan lamiak ibiltzen omen ziren, ahate hankak zituzten eta beren adatsa urrezko orrazi batekin orrazten zuten emakumeak, alegia.

Gune horretatik igarota, eta, ibilaldi txiki baten ondoren, Baztanen ikus daitekeen paisaiarik ederrenetako batera helduko gara.

Nola iritsi - mapa

Erratzu Iruñetik 58 km-ra dago, eta bertara heltzeko, N-121-B errepidea hartu behar da; gero, eskuinera dagoen bidegurutze batean, NA-2600 errepidea hartuko dugu.

Argazki galeria