Oronozek bi auzo ditu: Mugaire eta Zozaia. Aipatzekoak dira Oronozko hainbat etxe:
Zozaiako jauregia (Zozaia auzoa). XVI. mendekoa, Baztango dorretxerik zaharrenetakoa da. Egiturari erreparatuta, gotorleku eta jauregi arteko eraikina dela erran dezakegu. Zozaiako jaunaren armarria du.
Arretxea jauregia (45. zk.). Jauregia ez zen Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea. 1675ean eman zioten leinu-etxe titulua. Baztango nekazari etxaldeen egitura dauka, baserri-arkitekturako xehetasunak eta bertako harri landua ditu.
Gontxea Etxea eraikin berezia da, arkitektura berezia baitu: egitura horizontaleko aurrealde asimetrikoa eta bi isurialdeko teilatua; horietako bat bertzea baino nabarmen luzeagoa. Fatxadako armarria bitxia da, Bertizaranako armen irudia baitu.
Herriko eliza Jasokundeko Andre Mariaren ohoretan eraiki zuten. XVII. mendeko eredu bat hartu, eta haren gainean moldaketa ugari egin zaizkio.
Bertizko Jaurerriaren Parke Naturalaren sarrera sarrera herri honetan dago, Mugairiko gasolindegiaren ondoko zubian.
Herriko Bestak abuztuaren 15ean ospatzen dira, zaindariaren ohoretan.