Baztango naturgune babestuak

Natura 2000 Sarean, naturaren aldetik garrantzi handia duten Europako lekuak sartuta daude. Natura 2000 Sarea kontserbazio eremu sailkatuen sarea da.

Baztanek bortz gune ditu, Batasunaren Intereseko Lekuak (BIL) deiturikoak, aipatu sarean: Aldude mendia, Belate, Aritzakun-Gorramendi-Urritzate, Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia; Baztan eta Artesiagako errekak.

Gorramendi-Urritzate-Aritzakungo BILen barnean, bi erreserba natural daude: Itsusiko haitzak eta Hirubelakaskoa. Hala berean, Aldudeko mendiak BIL izateaz gain, Babes Bereziko Eremuak (BBE) ere badira.

Bertzalde, ez dugu ahaztu behar Baztango mendebaldeak Bertizko Natura Parkearekin muga egiten duela.

*Baztango zohikaztegiak (Arxuri, Alkurruntz, Argintzu, Azaldegi, Belate) gehiago ezagutzeko, bisitatu www.lifetremedal.eu proeiktua.

Fauna

Baztan abeltzaintza eskualdea da. Abereei dagokienez, behi, ardi eta zaldi-azienda nabarmentzen dira.

Etxe-abereak alde batera utzirik, Baztango mendi zabaletan animalia-espezie ugari dago: azeriak, basurdeak, oreinak, orkatzak, urtxintxak eta abar.

Baztan errekan eta inguruko errekastoetan amuarrainak eta izokinak daude.

Orobat, nabarmena da hemengo ondare ornitologikoa: basoko txoritxoak, mendiko harkaitzetan dabiltzan putreak eta harrapariak, eta bai udazkenean, bai udaberrian, gure zeruak bide dituzten hegazti migratzaileak.

Landaretza

Landaretza eskualde euro-siberiarreko probintzia atlantikokoa da. Gizakiak aipatu landaretza biziki suntsitu nahiz eraldatu aitzinetik, mendietan pagadiak, behealdean Quercus robur hariztiak, erdialdeetan gaztainondoak eta horrenbertzeko garrantzirik ez duten bertze zuhaitz hostotsu hostogalkorrak (lizarrak eta hurritzak, errate baterako) hazten ziren.

Gaur egun, hedaduraz, pagoa da nagusi (7.500 hektarea, gutxi gorabehera). Ondoren, hedaduraz arras urruti, haritza eta gaztainondoak daude. Basoberritzea 2.100 hektarea ingurukoa izan da: hiru laurdenak pinuak, haritz amerikarra eta Japoniako laritza; batez ere, Otsondo, Alkurruntz eta Orabidea inguruan. Ibai inguruetan haltzak, sahatsak, makalak eta lizarrak hazten dira.

Baztan Turismo