Kanpoaldetik hiru jauregi ikusten ahal dira: Jauregizarrea (herria zeharkatzen duen errepidetik bertatik ikusten ahal da, ezkerretara), Bikuña (elizaren ondoan) eta Zubiria (ibaiaren ondoan).

Jauregizarrea. Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea da. Erdi Aroko dorretxearen itxura dauka. Eraikinak, bao bikoitzak eta angeluzuzenak dituzten harrizko bi gorputzen gainean, zurezko eraikin interesgarria du bistara, ongi kontserbatu dena. Usategi karratua ere badu.

Zubiria jauregia. Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea. Erdi Arroko dorretxearen itxura dauka.

Bikuña jauregia. Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea. Hiruetatik antzinakoena da.

Herriko bestak irailaren lehen igandean izaten dira.

Arraiozen, elizaren ondoan, gaur egun laxoan jokatzeko dagoen plazarik ederrena dago. Toki paregabea da, beraz, gaur egunera arte bizirik iraun duen euskal pilotaren modalitaterik antzinakoenaz gozatzeko.

Herriko eliza Jasokundearen Ama Birjinaren ohoretan eraiki zuten. Eraikin barrokoa da. Barnealdean, erretaula neoklasikoa du, eta hilobi-harlauzak atari arkupetuan. Lorategian elementu bitxiak ageri dira: disko-formako hilarriak.

Nola iritsi - mapa

Iruñetik 45 km-ra dago. Herrira heltzeko, herria zeharkatzen duen N-121-B errepidea hartu behar da. Arraiozek Mardea izeneko auzoa du.

Argazki galeria