Arizkunek lau auzo ditu: Aintzialde, Bozate, Ordoki eta Pertalats.
Arizkunek Erdi Aroko bi dorretxe ditu (plazan zegoen hirugarren dorretxea XX. mendean bota zuten).
Ursuako jauregia (Bozate auzoa). Leinu-etxea. Erdi Aroko arma-dorrea, Nafarroako nobleziaren sortetxerik zaharrenetako bat. Kondairaren arabera, dama eder bat, Iparraldeko Lantain etxeko alaba, Ursua jauregiko oinordekoarekin ezkondu zen. Ezteietan, andrea haurdun zegoela ohartu zen senarra. Senarrak lotara joan aitzin jauregiko ermitara joan behar zutela erran zion. Etxeko atarian andrea iraindu, ezkontza-jantzia soinetik kendu, eta zetazko zapi batez ito zuen. Ondoren, zaldia hartuta, Frantziara ihes egin zuen. Batzuek erraten dute zaldiak ferrak atzekoz aurrera iltzatuak zituela, ihesaren arrastoak nahastearren.
Bergara jauregiak itxura oldarkorra eta gerrarakoa du. Gezileihoak eta leiho mainelatuak ditu.
Nabarmenak dira Etxeberria etxea (Bozate auzoa), gaur egun erlijio-erakunde baten esku, eta Iturraldea jauregia; aipatzekoa da etxearen teilatu-hegala; izan ere, hegalkin berezia du, hiru gorputzekoa.