Baztango hizkuntza euskara da, historikoki euskara baztandarren ohiko mintzaira izan da eta egun ere hala da bizilagunen gehienendako. Baztan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko, UEMAko, kidea da. UEMAn Euskal Herri osoko udalerri euskaldunak, herritarren % 70 bederen euskaldunak dituztenak, biltzen dira euskara gizartearen arlo guztietan eta administrazioaren zeregin eta zerbitzuetan bermatzeko.
Egun baztandarren % 80 inguru mintzatzen da ongi euskaraz eta euskaraz zertxobait dakitenak bertze % 10 gehiago dira. Halere, Baztango herrien artean alde soziolinguistiko handiak daude. Erraterako, herrixka batzuetan (Berroetan, Anizen, Lekarozen, Azpilkuetan o Amaiurren) euskaldunen ehunekoa % 90etik hurbil da. Aitzitik, Elizondon, Elbeten eta Oronozen euskaraz ez dakiten herritarrak batez bertzekoa baino gehiago dira. Egoera soziolinguistiko desberdinen arrazoiak herrien bilakabideen alderdi historiko, ekonomiko, sozial nahiz geografikoetan arakatu behar dira.
XX. mendearen hasmentan Elizondo eta Iruñea lotzen zituen errepide berriaren eragin erdaratzaileak hasi ziren nabarmentzen. Izan ere, errepideak zeharkatzen zituen herrietan (Oronozen, Iruritan y Elizondon) hasi zen erdara indar handiagoaz gizarte bizitzaren esparruak bereganatzen. Merkatariek eta kanpotarrek zekarten gaztelania gutxika-gutxika Baztango herrietako plazetan nagusitu zen eta mugazain edo karabineroen kuartelek eta eskolek erdararen ezartzailetzat jokatu zuten anarteraino euskaraz jarduten zuten baztandarren artean.